2016ko martxoaren 3an hil zuten gure lagun Berta Cáceres Hondurasen. Sistema kapitalista, patriarkal, arrazista eta kolonialaren biktima izan zen. Sistema horretan munduko biztanleen %1ek du gainerako %99k duen bezainbeste aberastasun, sistema horrek iraun dezan gero eta bortitzagoa eta harrapariagoa da, eta garapena ez da bakarrik aberastasunaz modu desberdinean jabetzea, baizik eta natura bera merkataritzako gai bihurtzea eta baliabide naturalak agortzeraino harrapatzea.

Botereak bitarteko asko baliatzen ditu herritarrak mendean edukitzeko: hilketak, zigorrak, mehatxuak, atxiloketa arbitrarioak, difamazioak… “Gerra” batean bizi gara, sakabanatua eta isila baina, eta han-hemenka gatazkak bizi dituena. Sistema horrek, halaber, arriskuan jartzen du komunitateen eta herri indigenen bizitza, osotasun fisikoa eta psikologikoa; izan ere, haien eskubideak urratzen ditu, haien lurraldeez eta bizibideez jabetzen da eta erresistentzia kriminalizatzen du. Finantza-agintariek deklaratutako eta enpresa transnazionalek gauzatutako gerra bat da, nazio horietako gobernuek ere bultzatzen dutela, eta, askotan, merkataritza askeko nazioarteko tratatuen babesa dutela.

Mario Contao, Aldemar Parra García, Isidro Baldenegro, Laura Leonor Vásquez, Sebastián Alonso, Emilsen Manyoma, Lapsay Delamente “Nico”, Juan Ontiveros Ramos, Mia Manuelita Cumba Masacariñas-Green, José de los Santos Sevilla, Faiver Cerón Gómez. 2017. urtea hasi denetik, dageneko 11 gizon-emakume hil dituzte, lurraldearen eta ingurumenaren defentsaren aldeko konpromisoa agertzeagatik. Bertari bezala, emakume lider eta giza eskubideen alde agertzen direnei eraso egiten diete, ez bakarrik Lurra defendatzeagatik, baizik eta genero-arauei eta -estereotipoei aurre egiteagatik eta norberaren lurralde-gorputza defendatzeagatik.

Bada urtebete Berta hil zutela, eta oraindik ere inpunitatea da nagusi. Aginte-postu erosoetan zeudela Berta Cáceres hiltzeko agindu zutenak atxilotzeko gaitasunik eza justifikatu nahirik, Hondurasko agintariek 4 gazte sikario eta 3 bitartekari atzeman eta epaitegietara eraman dituzte. Horrexegatik eskatzen dugu ikerketa exhaustiboa egin dadin, hilketaren arrazoiak argitzeko, eta, hala, egia, justizia eta ordaina eskatu ahal izateko.

BERTAK BIZIRIK DIRAU, BORROKAN JARRAITZEN DUGU!

Bertarekin Elkartasuna Ekimena