Bizilur-Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Erakundea erakunde asanblearioa da. Hau osatzen dugunok uste dugu pobreziaren, desberdintasun globalen, menpekotasunen eta pertsonok eta herriok pairatzen ditugun zapalkuntzen kausak gaur egungo dominazio multiplearen sistemak eraginak direla: neoliberal, inperialista eta heteropatriarkarra. Diagnostiko horren baitan, sistema horri aurre egitea da gure helburua, gure ustetan beste bizitza eredu batzuk proposatzeko kapazitatea eta legitimitatea daukaten mugimendu sozial emantzipatzaileen alboan jardunez.

asanblada enero 2015

Gainera, baserritar mugimendutik eraikitako Elikadura Burujabetzaren proposamen teoriko, praktiko eta politikoa zentrala iruditzen zaigu erlazio sozial berrien eraikuntzan. Hau herriek haien elikadura eta produkzio sistema erabakitzeko daukaten eskubidean oinarritzen da. Merkatuen nagusitasunaren, bizitzaren pribatizazioaren eta desberdintasunen sorreraren eredu bakarraren aurrean fokatze honek bizitzaren jasangarritasuna erdian jarri nahi du. Bestalde, elikagaien produkzioa birkokatu eta birbaserriratu, desberdintasun eta zapalkuntzarik gabeko gizon eta emakumeen, baserritar eta kontsumitzaileen, eta estatuen arteko erlazioak eraiki, ondare komunen (ura, haziak, lurra, jakintza) eskubide eta gestioa elikagaiak produzitzen dituzten eskuetan daudela ziurtatu, eta haien jasangarritasuna ziurtatu nahi du.