Deskribapena

Urtearen bukaera beti lotu izan dugu elkar-topatzearen ohiturarekin, bat egitearekin, ospakizunarekin. Gabon festak laster gurera datozkigula oharturik, data hauetan ospatuko ditugun hainbat bazkari/afariak tokian tokiko, sasoikoak eta ekoizpen agroekologian oinarritutako produktuekin egin ditzakegula aldarrikatu nahi dugu Lur eta Murmur irratsaiotik.

Elikadura Burujabetzaren aldeko eguneroko borrokan, eragile ugari eta anitz daude. Baserritarrak subjektu nagusia izanik, badira ere ezinbestekoak diren beste aliatu asko. Hau da gure gaurko gonbidatuaren kasua, Sustraiak Catering, emakume gazteak sortutako kooperatiba. Kukutza III Gaztetxearen Jantoki herrikoian hasitako sukaldariak catering agroekologikoa eskaintzen dute gaur egun beraien zerbitzuak eskatzen dizkieten guztiei. Ekoizleekin hartu-eman zuzena izan, ekimen herrikoietan murgildu, formakuntza, aholkularitza…denetarik egiten dute Sustraiak-eko kideek!! Adi seinaleari eta ez ezazue galdu kontatzeko duten guztia!!