Bizilurren uste dugu mugimendu zapatistak irakaspen asko ekarri dizkiola hego-ekialde mexikarretik planeta osoko mugimendu sozialei: diskurtsoaren argitasuna eta etika praktikan, lan kolektiboaren berreskurapena, aliatuen artean elkarbanatzeko beharrizana bakoitzaren tamaina eta izaera albo batera utziz, autonomia prozesuak sustengatzeko urgentzia era iraunkor batean (elikadura, hezkuntza, zaintza, etc.) alderdi politiko, kanpaina eta ziklo elektoraletara lotu gabe.

ezln

Gaur egun oraindik oinarrizkoa da eta indarra dauka inspirazio elementu gisa 30 urte baino gehiagoko borroka honetan gobernu zapatistaren zazpi printzipioen ekarpena: obeditu eta ez agindu; ordezkatu eta ez faltsutu; jaitsi eta ez igo; zerbitzatu besteentzat eta ez zuretzat; konbentzitu eta ez irabazi; eraiki eta ez suntsitu, eta proposatu eta ez inposatu.

Bizilurrek Txiapasen egindako lana Gobernu Onaren Junta zapatistekin garatzen da gehien bat, mugimendu zapatistarekin argiki identifikatutako edota haiek iradokitako antolakundeen bitartez.  Gobernu Onaren Juntak aukeratutako zonetako herrietako autoritateak dira (gizonak eta emakumeak). Txandakako izaera daukate herri akordioen bitartez bertan dauden autoritateak aldatuz.  Txanda hauek akordioen araberakoak dira eta aste batetik 20 egunera bitartekoak dira. Zentzu honetan, Gobernu Onaren Junten bitartez kanalizatze diren herri zapatisten eskaerei erantzunez, Bizilurrek antolatutako estruktura autonomoen indartzea sustengatzen du; eta batez ere, prozesu produktibo eta agroekologikoak.

Komunitate zapatistekin batera 2006. urtetik egiten du lan Bizilurrek, Euskal Herritik izandako kooperazio eta elkartasun politikoaren tradizio zabalari eutsiz; 1994. urtean hasi zena. 2007tik Txiapaseko mugimendu zapatistarekin egindako lanean sakondu da eta bere presentzia iraunkorra izan da hainbat kooperazio proposamen diseinatu Gobernu Onaren Juntarekin elkarlanean.