Joan den otsailaren 23an eta 24an Bizimodu jasangarrirako eskubidearen aldeko Herri Auzitegia egin genuen, honako epaimahaikide bikain hauen laguntzarekin: Begoña Zabala González, María Eugenia Rodríguez Palop, Patricia Bárcena García, Janaína Strozake, Yolando Jubeto, Júlia Martí Comas, Yayo Herrero López eta Lolita Chávez.

Herri Auzitegiaren ebazpena bidaltzen dizuegu, besteak beste, “testigantza ematera etorri diren zortzi pertsonek isiltasuna hausteko eta bizimodu alternatibo eta emantzipatzaileak proposatzeko erakutsi duten ausardia eta adorea” aitortzen baitu.

Epaimahaiak ebazpena ozen irakurri eta pertsonalki entregatu zien bai testigantza eman zuten pertsonei, bai ekitaldia antolatu zuten kolektiboei. Bidalitako argazkietan ikusiko duzuen bezala, amaiera zinez hunkigarria izan zen.

Herri Auzitegi hau munduko eskualde eta leku ezberdinetan gertatzen diren giza eskubideen urraketak salatzeko eta ikusgarri egiteko sortu zen, bai eta eskubideen urraketa jasan duten pertsonei, adore handia erakutsita egun hauetan gurekin egon direnei eta beste hainbesteri aitortza eta erreparazioa egiteko ere.