Project Description
Pasa den asteartean M8, Euskal Herri osoko hiri eta herrietan kolektibo feministek deitutako manifestazioak dozenaka izan ziren. Euskal Herriko hiriburuetako martxa nagusiak oso ugariak izan ziren. Horrez gain, beste hainbat herritan ere manifestazioak zein bestelako ekintzak antolatu dituzte. Berriz ere morez jantzi dira Euskal Herri luze zabaleko karrikak.
«Zaintza sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa» eskatu zen feministon aldetik Bilbon manifestazioan, eta mugimendu feministak «aldaketarako eta borrokarako indar» gisa berretsi zeun.
Zaintzari «merezi duen garrantzia» eman eta «lehentasun soziopolitiko eta ekonomikoak berrantolatuko dituen egiturazko aldaketa bat» galdegin du Bilbo Feminista Saretzen plataformak (BFSk). Iraultza horri bi oinarri jarri dizkiote: publikoa izatea eta zaintzaileen baldintzak duintzea. «Merkatuaren logikari jarraituko ez dion zaintza sistema bat eskatzen dugu, azpikontrataziorik gabekoa. Era berean, esklabotza baldintzetan bizitza sostengatzen duten andre migratuentzat errekonozimendu politikoa, soziala eta laborala eskatzen dugu», adierazi dute. Horretarako, kolektibo feministak «indartzeko» premia nabarmendu dute, eta horietan antolatzera deitu dituzte emakumeak.
Hitzordu honen dimentsioa ulertzeko Itziar Azpeitia hartuko dugu, Lanbroa kolektiboko kidea eta aurten ‘Antolakuntza feministaz zaintza publikoa borrokatu’ lelopean mobilizatzera deitu duen Bilbo Feminista Saretzen koordinakundeko bozeramailea.