Bizilur – Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Elkartea elkarte asanblearioa gara. Argi dugu pertsonok eta herriek pairatzen ditugun pobreziaren, desberdintasunen eta zapalkuntzen arrazoiak bizi dugun menderatze anizkoitzaren sisteman daudela: neoliberala, inperialista eta heteropatriarkala.

Gure ustez, gizarte-mugimenduak subjektu gai eta legitimoak dira sistema horri aurre egiteko, beste bizi-eredu batzuk, antikapitalistak, errespetuzkoak, emantzipatuak, bizigarriak, eraikitzen dituzten alternatibak hausnartu, salatu eta abian jarriz.

Duela 15 urtetik hona, proposamen horiek errealitate bakoitzean sakontzen eta itzultzen dituzten Euskal Herriko eta nazioarteko gizarte-mugimenduek laguntzen ditugu. Bizitza eta bere iraunkortasuna erdigunean jartzen duten prozesuak bultzatzen ditugu. Eta bizitzaren erdian, elikadura.

Begirada feministatik egiten dugu lan, ZERaz gain, NOLA eraldatzeko. Horregatik, beste kolektibo feministekin aliantzan lan egiten dugu, hausnarketaneta harremanen, egiteko moduen, zainketen, adierazgarritasunen eta abarren aldaketan aurrera egiten saiatuz, guztiok bizi ahal izateko poza merezi duten bizitzak.

Begirada hori barrurantz ere proiektatzen dugu, eta apustu garbia egiten dugu, ez bakarrik laguntzen ditugun prozesu eta aliantzak zaintzearen alde, baizik eta gure egitura eta barrurako funtzionatzeko moduak zaintzearen alde.

Elikadura Burujabetza dugu aldaketarako horizonte gisa, non elikagaien ekoizpena merkatuen espekulaziotik aldentzen den, ondasun komunen eta naturaren zaintza bermatzen den.

Eta esparru internazionalista batetik jarduten dugu, gure indarrak antolakundeekin elkartuz, Euskal Herrikoak zein Hegoaldeko herrialdeetakoak, sistema beretik jasaten ditugun zapalkuntza ezberdinen irakurketa bat egiteko; kolonialtasunarekin eta iparralde-hegoalde zapalkuntzekin hautsiko duten alternatibak eraikitzeko; eta, herrien emantzipazioa sortuko dutenak.

Hiru zutabe horiek elkarrekin josten saiatzen gara, errealitatea justizia globalaren, emantzipazioaren eta elkartasunaren gakoaz eraldatzeko. Eta errealitate hurbilenetatik egiten dugu, lurraldeak eta tokikoak eremu estrategiko gisa ulertzen ditugulako, non beste bizi-eredu batzuetarako alternatibak eraiki.

Ildo estrategikoak 2018-2022