Covid-19ko pandemiak berez oso zailak diren mugak blindatu ditu, eta itxiera horrek migratzaileentzako are arriskutsuagoak diren bideak berriro irekitzea eragin du.

Kanarietako ibilbideari dagokionez, EBk bultzatutako migrazio-politika hiltzaileekin batera, gutxienez 1.851 pertsona hil dira iaz.

2016az geroztik, mugako hainbat eremu zeharkatzen dituen karabana bat antolatu dute urtero gizarte-mugimenduek, giza eskubideen urraketa, lekualdatze behartuen arrazoiak eta migrazioko, merkataritzako eta nazioarteko beste politika batzuk salatzeko.

“Mugak irekitzen” karabana Carovane Migranterekin batera joango da uda honetan. 8 egunez bidaiatu egingo dute iragaitzazko pertsonen oinarrizko eskubideen urraketak ikusarazteko eta salatzeko, Kanarietako uharteetan dauden pertsona eta kolektiboekin elkartasun-sareak ehundu eta laguntzeko, eta giza mugikortasunerako eskubidea eskatzen jarraitzeko.

Karabanan 200 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute, %40 Euskal Herrikoak, eta oraindik badaude leku batzuk libre parte hartzeko. Nola antolatzen ari diren, zer egingo duten eta norekin elkartuko diren jakiteko, Arantza Gutierrez Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kidearekin hitz egingo dugu.