Project Description

| HEMEN IKUSI |

SARRERA

Ekonomia Sozial eta Solidarioaren bidez, harreman ekonomikoak berrantolatu nahi dira parametro desberdinei erreparatuta. Kapitalaren, handituz doan esfera publiko eta pribatuen merkaturatze industrialaren eta ahalik eta etekin handienak ateratzeko logika erabili ordez, Ekonomia Solidarioak harreman berriak sortu nahi ditu ekoizpenaren, banaketaren, kontsumoaren eta finantzazioaren inguruan. Horretarako, justizian, lankidetzan, elkarrekikotasunean eta laguntzan oinarritu nahi da. Kapitala bilatu eta hura metatu ordez, Ekonomia Solidarioak pertsonak eta beren lana jartzen ditu sistema ekonomikoaren erdigunean. Hala, merkatuak pertsonen ongizatea eta planetako bizitza bermatzeko tresna dira. (REAS aldizkaria, Elikadura Burujabetza, Biodibertsitatea eta Kulturak. Ikusi estekak).

Elikadura Burujabetzan oinarritutako elikagaien tokian tokiko merkatuak sortzeari dagokionez, hauxe dugu erronka nagusietako bat: nola abiatuko gara biderkatzeko, hedatzeko, gurutzatzeko eta finkatzeko gai diren oinarri ekonomiko bideragarrietatik, poliki-poliki sare sendo berri bat eratzeko, eredu ekonomiko kapitalista eta paternalista albo batera utzita. Aldaketa prozesurako, lehen aipatutako aldizkarian proposatzen den bezala, Ekonomia Solidarioko Printzipioen Gutuna aurkezten da landa ingurunean, bertan bide posibleak baitaude.

Ekoizpenari dagokionez

  • Herriko biztanle guztien benetako beharrei erantzuteko behar dena soilik ekoitzi behar dela ulertu eta onartu, ez hirugarrenen interesek kontrolatzen duten merkatu inpertsonalak eskatzen duena. Gertuen dauden biztanleen beharrekin hasi behar gara, gure kontsumorako ekoitziz, eta ekoitzitakoa besteekin partekatuz, bakoitzari falta zaionaren arabera.
  • Kalitate ekologikoarekin ekoiztu, lurra berritzeko prozesu naturalak erabiliz eta ekoizpenak Naturarekin bat etorri behar dela ulertuz. Eraginkortasun energetikoa eta energia garbien erabilera sustatu, gure haziak kontserbatzeko tresna egokiak sortu, eta enpresa multinazionalek dakartzaten hazi hibrido, irradiatu eta transgenikoen menpekotasuna eta inbasioa ekidin. Oro har, nekazarien ezagutzak berreskuratzea.

Garapenari dagokionez

  • Guztion parte-hartzearekin, tokian tokiko garapenerako eredu berriak eraiki, tokiko ekoizpenean eta kontsumoan oinarritutako estrategiekin, eta ekoiztu beharrekoa planifikatuz.
  • Ekoizleen artean aliantza estrategikoak sortu eta beren lurraldeetan aplikatzeko eskualde-oinarriak ezarri. Ongizate kolektiboari zuzendutako egitura egonkorrak sortu, lokaletik hasita globalera arte, eta benetako demokraziaren eta autokudeaketaren arabera kudeatu.
  • Lanaren zentzu soziala berreskuratu eta lana burutzen dutenek hazten direla senti dezatela lortu. Prestakuntza eta lanpostuak garapen pertsonala eta tokian tokikoa lortzeko beharraren arabera antolatu, ez merkatuko beharren arabera. Langile gazteei landa ingurunean lan egiteko aukera emango dieten enpresak eta proiektuak bultzatzea, ordezkoak eta jarraipena bermatuz.

Kontsumoari dagokionez

  • Gure enpresek edo jarduera ekonomikoek aliantzak sortu behar dituzte beti ondasunak eta zerbitzuak erabiltzen dituztenekin. Hauek, aldi berean, haien arteko sareak eratu behar dituzte. Hala, landa ingurunearen eta hiriaren arteko aliantzak sendotzen dira, eta praktikan jartzen dira ekonomia, nekazaritza eta kontsumo esperientzia berriak.
  • Gure enpresak eta kontsumoa barne-merkatu sozial paralelo baten ikuspuntutik begiratuta antolatzea proposatzen da. Horrez gain, kontsumitzaile gisa dugun boterea bideratu nahi da, ekoizpenaren plangintzan modu arduratsuan parte hartuz eta denoi dagokigun erantzukizunaren zatia gure gain hartuz.

Ekonomiari dagokionez

  • Enpresa-jarduera gertukoak eta tokian tokikoak, errentagarriak, biztanle guztien eta eskualdearen garapenari zuzendutakoak, eta bidezko harreman ekonomikoetan oinarrituta daudenak. Kopuruak baino gehiago, ikuspuntuak eta funtzionatzeko menpekotasun-eza bermatzeak dute garrantzia.