Tomateari atea nekez ireki zitzaion Euskal Herrian, Mexikotik etorritakoa. Gaur egun eguneroko paisaia gastronomikoaren parte da. Fruitu-barazki interesgarria da osasunarentzat, haren hazkuntza ibilbidea oraindik ere koloniala baldin bada ere.

Eguneroko elikadura paisaiari kolorea ematen dio tomateak. Badirudi betikoa dela. Hain etxekoa kontsideratua bada ere, are Euskal Tomateak toki garrantzitsua hartzen badu ere,
tomatea, berez, Ameriketatik ekarria izan zen. Historia bitxia izan du; oraingo begietatik ikusia sinesgaitza dirudi.

Amerikatik Europara XV. mendearen bukaera edo XVI.aren hastapenean heldu zen, Mexikotik Europara, hain xuxen ere. Hasieran heldu zenean, antz handia zuen hemen toxikotzat zeuzkaten bi landareekin: mandragora eta belladonna, biak familia berekoak baitira. Tomate landarea pozoitsutzat hartzen zen».

Horren guztiaz hitz egiteko Marta Barba Gasso, Hazi, barietate eta tomateen etnografia feminista Euskal Herrian tesiaren (EHU, 2021) egilea daukagu gaur gure programan. Marta herrialde Katalanetan hazia izanik, Urumea bailarara aldatu, eta bertan bota ditu erroak. Soziologian lizentziatu ondoren, Ikasketa Feministetan masterra egin eta antropologiaren adarretik bukatu berri du tesia. Bioaniztasunean eragiten duten prozesu sozialak eta kulturalak aztertu ditu, bi tomate barietateren kasu azterketatik abiatuz. Tomate haziek iraganeko tomateei eta etorkizunekoei buruz hitz egiteaz gain, gure kulturari buruz ere hitz egiten digutelako.

Euskal tomatearen jack barietatea eta Aretxabaletako tomatea aztertu ditu Marta Barba Gasso antropologoak bere doktore tesian, eta landutako horren berri zabaltzen ari da azken hilabetetan: “Hemen ereiten dugun hazi bat ekoizteko prozesua uste baino askoz konplexuagoa da, eta hainbat lekutan egiten da”.