Euskal Herria Kantauri itsasoari eta arrantzari estuki lotutako herria da. Itsasoa gure historiaren, gure kulturaren eta gure nortasunaren parte izan da betidanik. Baina kostaldeko herrietan, garai zaharrak bizi izan dituztenek esaten dutenez, arrantza-portuen inguruan sortzen zen bizimodua oso bestelakoa zen lehen.

Gaur egun, oraindik egunero itsasoratu eta arrainak banaka-banaka eskuz ontziratzen aritzen diren arrantzontzi txiki batzuk badiren arren, teknologiaren garapenak eta arrain-industriaren ereduak bultzatuta, gure portuetako irudia oso bestelakoa da. Baina, itsasoak dituen baliabideak herritarrenak diren bezala, Eguneko Arrantza gure gizartearen zati baten bizimodua ere bada. Gure herriaren historiaren eta kulturaren zati bat. Ondarea.

“ITSASOIKO, Itsasotik Sasoikoa” dokumentala, Ondarroa 12 milia eta Bizilur Bizilur elkarteek elkarlanean eta lankidetzan egindako “ITSASOIKO” proiektuan kokatzen den lana da. Ekimenean, bi elkarteon interes eta eragiteko eremuak uztartu dira: eguneko arrantzaren iraunkortasuna alde batetik, eta elikadura burujabetza eta tokiko elikadura sistemak bestetik.

Dokumental hau, Nina Carasso Fundazioaren diru-laguntzarekin eta Zirriborro ekoizpen-etxearekin egindako elkarlanarekin lortutako emaitza da, baina batez ere, aipatutako elkarteen inplikazioarekin eta sektoreko dozenaka lagunen parte hartzearekin burututakoa.

Eguneko arrantzak porturatzen duen arraina tokiko elikadura-sisteman txertatzea, tokiko arrantzaren jarduera bera, itsasoko kultura-ondarea eta itsas-ekosistemaren osasunaren biziraupenaren alde egiteko bidea da. Estreinatuko den dokumentala, honen inguruko hausnarketa gizarteratzeko egitasmo zabalago baten parte da. Horregatik, estreinaldi honen ondoren, dokumentalaren emanaldiak kostaldeko hainbat herrietara zabalduko ditugu. Gure asmoa, dokumentalaren bidez gaia mahai-gaineratu eta herritarrei tokian-tokiko ekimen parte-hartzaileak martxan jartzeko gonbitea luzatzea da. Herri bakoitzean, bertako herritarrek erabakitzen duten ekimenei bideak irekiko dizkiegu, bide honetan egiten dena egiten dela, eguneko arraina gure elikadura sisteman txertatzeko lagungarri izango delako.

 

[TEASER IKUSTEKO]    [ESKUORRIA]

Martxoak 21 / Arratsaldeko 6,30etan / Bilborock aretoan. Bilbo.

INFORMAZIO GEHIAGORAKO / / ELKARRIZKETETARAKO:

David: 646.961.672
Nagore: 647.973.821