Project Description
LIBURUA DESKARGATZEKO SAKATU HEMEN
Euskal Autonomia Erkidegoan pobrezia egoerak bizi dituzten pertsonen elikadurari buruzko ikuspegi deskribatzailea eta analitikoa eman nahi da. Dokumentu honetan, kualitatiboa eta kuantitatiboa uztartu nahi izan dira, baita egoera horretan dauden pertsonen egoera zeharkatzen duten ardatzak ere. Horretarako, elikadurari ez ezik, pertsonen bizipenei ere erreparatzen zaie, eta eskura dauden baliabideetara iristeko pertsonek egiten dituzten ibilbideak eta elikagaiak haiengana iritsi arte egiten dituztenen ibilbideak aztertzen dira. Horrez gain, hainbat eragileren iritziak eta esperientziak eta “elikagai laguntza” deritzona inguratzen duten narrazioak daude.
NONDIK DATOR?
Elikadura burujabetzaren paradigmaren inguruan hainbat erakundek egiten duten lanaren ondorioz sortu da azterketa hau. Horien artean, Bizilur-Herrien Lankidetza eta Garapenerako Elkartea, eta Baladre Koordinazioa.
Bizilur hasieratik ari da lanean elikadura burujabetza garatzeko, munduko hainbat tokitan, proposamen eraldatzaile gisa, eta La Vía Campesinaren inguruan artikulatutako baserritarren mugimendua benetako aldaketa subjektu gisa babesten du.
Gizarte bazterkeriaren aurkako borrokak koordinatzeko, Baladre ere beteranoa da bere taldeekin lanean. Gogoeta bat jartzen dute oinarrian: zer jaten dute gaizki jaten dutenek? Pobrezia egoeran dauden pertsonei buruz ari da, eta egoera horiek zeharkatzen dituzten desberdintasun ugariak ikusarazten ditu, elikadurari dagokiona barne.
Argitalpen hau proiektu zabalago baten parte da, eLankidetza- Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziak finantzatua. Izenburua, hauxe: “Eskubidedun elikadura sistemak: gizartean bazterturik eta/edo desabantailan dauden pertsonen elikadura. Agroekologiatik eta elikadura burujabetzaren ikuspegitik egindako hurbilketa”. Proiektu honen bidez, tokiko agendan kokatu nahi da elikadura osasungarri eta iraunkorra lortzeko aukerari buruzko eztabaida, eta arreta berezia jarri nahi da kolektibo ahulenen elikaduran, eskubideen ikuspegitik eta bizigarritasunaren ikuspegi global zein lokaletik.
Lan honen bidez, gure gizarteko talderik ahulenen elikadurarako sarbidearen egoerari buruzko argazki eguneratua, eta ildo horretan abian diren estrategia, plan eta politika instituzional eta sozialak bildu nahi dira, ikuspegi lokal-global batetik eta horien azterketa kritiko batetik.