Gaurko egunez, apirilak 14an, piztu zen gutxik jakingo duten Gariaren Matxinadaren lehen txinparta Azkoitiako herrian, gerora Gipuzkoako hainbat herritara zabaldu zena.

Testuinguruan kokatzeko, argi dago garai latzak zirela bertako baserritarrentzat. Azpeitiako eta Azkoitiako bost baserritatik lau jauntxoen eskuetan zeuden eta gainera uzta txarreko urte batetik zetozen. Bestalde, herriak gosea izan arren, jauntxoek gariarekin espekulatzen zuten; kanpora sal zezaketen garia edota gordeta eduki prezioa igotzeko. Gariaren prezioa geroz eta altuagoa zen heinean, baserritarrak geroz eta haserreago zeuden.

Horrela, apirilaren 14ean, kanpoko zamariak gari ale bila etorri ziren Azkoitiara. Irteterako orduan, ordea, hainbat herritarrek ikusi eta geldiarazi egin zituzten. Gari aleak itzularazi ondoren, kanpaiak jo eta baserritar ugari bildu ziren bertan. Jaunak heldu zirenean baserritarren eskaria onartu eta prezioak jeitsi zituzten. Azkoitiako baserritarrak gustora joan ziren etxeetara.

Bitartean, Azpeitiako jauntxoak beldurrez zeuden eta konfiantzazko baserritarrei armak eta janari ugari eman zizkieten, inolako arrazoirik eman gabe, mugak babesteko eskatuz. Hauek, ordea, mugak babestearen benetako arrazoia jakin zutenean, Azkoitiako txinpartari jarraiki matxinatu egin ziren.

Denbora gutxian baserrietako jende armatua eta Urrestillako matxinoak batu zitzaizkien, eta iluntzeko zazpiak aldera jende ugari abiatu zen Loiola aldera. Bidean,  basilika erakitzen ari ziren langileak ere elkartu ziren beraien eskubideen defentsan eta Azkoitiara joan ziren denak batera. Azkoitiara heltzean baretuta zegoen jendea aztoratu zuten berriro eta Azpeitiara bueltatu ziren guztiak, aleen salneurria merketu nahian. Guztira 2000 pertsona inguru altxatu omen ziren.

Azpeitiara heltzean, bertako jauntxoen etxeetara joan ziren guztiak. Lehioetara harriak bota, etxeetara sartu eta mehatxatu zituzten. Garai hartako juantxo gorrotatuena zen Antonio de Gorostizu etxeko arropetan atera omen zuten etxetik eta kalean gora eta behera ibili omen zuten.

Horrela, matxinoek gari alearen prezioa jeistera behartu zituzten jauntxoak. Beste zenbait neurri ere hartu omen ziren beraien alde, baina gaur egun ezin da jakin zehazki zein izan ziren neurri horiek, garai horretako akta guztiak ezabatuta daude eta. Badirudi baten batzuek interes berezia izan zutela 1766ko matxinada ez ezagutarazteko.

Azpeitiako eta Azkoitiako matxinadaren ondoren, inguruko herrietara zabaldu zen mezua eta Gipuzkoako zenbait herritan ere piztu zen matxinada.

Garai hartan gariarekin espekulatzen zuten bezala espekulatzen dute orain haziekin eta elikagaiekin. Orduan, baserritarren lurren jabe zirenak dira orain latifundio handien eta elikagai industriaren jabe. Horrela, alementuak aldatu dira, baina estruktura berbera da: orduko zapalduak gaur egungo zapalduak gara.

Eider Agirre

Bizilur