Bizilurrentzat garrantzitsua da diskurtso politiko feministak eragina izatea gure eguneroko zereginetan eta gure antolaketa-kulturan. Horrela, Bizilurrek hainbat urte daramatza antolakuntza aldaketa prozesu batean, eta bere fruituak ematen hasi da erakunde bat eta beste militantzia eredu bat eraikitzean.

Gure autodiagnostiko feministak agerian jarri zigun jarraitu beharreko lehen urratsak. Genero-berdintasunaren aldeko lehen ekintza-plana egin genuen, eta pixkanaka, denok amesten genuen Bizilur feminista horretarantz aurrera egiten hasi ginen. Aliantza feministen aldeko apustu garbia egin genuen, bai Euskal Herrian, bai nazioartean.

Fokua jarri nahi genuen egiten dugun horretan eta norekin egiten dugun, baina baita barrura begira ere. Hala, Bizilurren egitura eta funtzionatzeko moduak erabat aldatzera eraman gintuen barne hausnarketa prozesu bati ekin genion. Horren ondorioz, Bizilurreko Feminismoak lantaldea sortu zen, ikuspegi feministak gure ibileran txertatu izan dezan zaintzera eta laguntzera datorrena. Bai erakundearen barrurantz, bai kanporantz, eta baita gure aliantzetan ere.

Gurekin lan egiten duten beste eragileetara ere Ikuspegi feminista kutsatzea nahi dugu.

Erronkak

1. Gurekin:

– Gure genero-plana garatzea eta ezartzen jarraitzea, gure errealitatera eta bizi dugun gizarte-errealitatera egokituz.

– Bizilurren plangintza estrategikoari gure ikuspegi feminista txeratzen jarraitzea.

2. Besteekin:

– Diskurtso eta praktika feminista eraikitzen laguntzea, gure herrien eta hirien elikadura-subiranotasuna indartzen laguntzeko. Ahal dugun neurrian, Euskal Herriarentzat nekazari feminismoa eraikitzen laguntzea.

– Tokiko talde feministekin ditugun aliantzak indartzea (Etxaldeko Emakumeak, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, emakumeen batzarrak, herrietako kolektibo feministak, landa-eremuko emakumeen erakundeak …).

* Emakume nekazarien eta feministen nazioarteko erakundeekin ditugun aliantzak indartzea, zabaltzea eta sakontzea.

3. Egiten dugunarekin:

– Zapatisten eta La Via Campesinaren proiektuak eta harremanak zaintzea (laguntzea), funtzionamendu eta diskurtso feministagoak eraikitzean laguntzeko; feminismoa zeharkakotzea proiektu guztietan.

– Zabaltzea emakume-erakundeei laguntzeko egiten dugun lana eta indartzea  eta Via Campesinaren emakume-ardatzean dugun aliantzan. Hau da, proiektu espezifiko gehiago eta zeharkakotasun handiagoa ekartzea gure proiektuetan.

Aliantzak

Gure ustez, bide hori bakarrik egin daiteke beste talde feministekin batera , Euskal Herrian eta nazioarte mailan. Baina garrantzitsua da, halaber, gure presentzia nekazal aliantzetan, hainbat erakundetan ikuspegi feminista txertatzeko.

Euskal Herrian lehentasunezkotzat jotzen dugu Etxaldeko Emakumeak egiten ari den lanarekin jarraitzea, taldea indartzea eta emakume nekazarien auto-antolakuntza sustatzea.

Era berean, Feminismoak-Bizilur Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako partaidea da, oso espazio anitza delako eta nekazaritzari ekarpenak egiteko balio duelako.

Nazioartean, LVCko erakunde batzuekin egindako aliantzak fruituak ematen ari dira, eta harremanak estutzen ari dira. Uste dugu garrantzitsua dela harreman hori mantentzea Txileko Anamurirekin eta Brasilgo Mulheres Camponesesen Mugimenduarekin, zeinekin jada denbora daramagun lanean.

Beste gune feminista batzuetan ere parte hartzen dugu, emakume zapatisten topaketan, esaterako.