Zeintzuk gara eta nondik dator Herri Auzitegia?

Egungo garapen-ereduaren aurrean alternatibak bilatzeko beharrak batutako kolektibo anitzek (gizarte-mugimenduak, GGKEak, sareak edota sindikatuak) osaturiko taldea gara.

Bizitzaren eta planetaren zaintza erdigunean jartzen duten antolakuntza sozialerako eredu berriak eraikitzea proposatzen diguten pentsamendu-korronte ezberdinak (Desazkunde eta Bizitze Onaren paradigmak ikuspegi feministatik, besteak beste) hobeto ulertu eta elkarri konektatuta ezagutzera emateko nahian, sarean lan egiten hasi ginen.

Sistema kapitalistak sustatzen duen baliabide natural berriztaezinen ustiapenean oinarritutako hazkunde mugagabea bideraezina dela garbi daukagu. Kapitalismoak, beraz, ez du etorkizunik; eta horregatik, bizitza erdigunean jartzen duen jendarte-eredu jasangarri, parekide eta justu batera igarotzea proposatzen dugu.

Elkarmenpeko izakiak gara; ezingo genuke bizirik iraun beste pertsonek gu zaintzeko eskaintzen duten denbora eta energiagatik ez balitz. Era berean, ekomenpeko izakiak gara, bizitzeko behar duguna ingurmenetik eskuratzen baitugu; hortaz, ez du zentzurik ekonomiak izadia alde batera uzteak.

Sarean egindako lan honen emaitza gisa, 2011tik Topaketak antolatu ditugu urtero (2016, 2014, 2013, 2012, 2011). Topaketa horietan, hausnarketarako guneak sortu ditugu bizitza antolaketa kolektiboaren erdigunean jartzen duten esperientzia eta alternatiba praktikoak ezagutu ditugu. Hasieratik argi izan genuen feminismoaren alde apustu egin nahi genuela, egungo eredua ordezkatuko duen edozein alternatibak, sistema kapitalista ez ezik sistema heteropatriarkala ere salatu behar duela uste baitugu. Prozesu luze honetan, halaber, lanaren ideia berriro kontzeptualizatu behar dela azpimarratu dugu. Horrela, zaintza-lanak ikusezin bihurtzen dituen eta hasi behar dugun trantsizio ekologikoa oztopatzen duen lanaren eta enpleguaren arteko baliokidetasun faltsua alde batera uztea ezinbestekoa da.

Gure aldarrikapena

Desazkunde eta Bizi Onen Sareak garbi dauka; gizarte iraunkor, justu eta parekideak eraikitzeko, erabat desberdina den eta bizitzaren zein planetaren zainketa erdigunean jartzen duen beste eredu bateranzko trantsizioa egin behar dugu. Horretarako, baina, elkarrekin lan egin behar dugu, gure diskurtso, borroka eta mugimenduak artikulatuz.

Sarea osatzen dugun kolektiboek Euskal Herrian garatzen ditugun lan-eremuetan arreta jarriz eta, eraiki nahi ditugun beste ereduetarako beharrezkoa den trantsiziorako, gure lana, diskurtsoak eta borrokak partekatzeko moduen inguruko hausnarketa prozesua eta sare-lana egin dugu.

Behar eta interesen arabera egituratutako eta bizimodu jasangarrietan oinarritutako jendarte bat eraikitzeko proposamenak garatzu eta ikusgarri egiten laguntzeko helburua ezarri genuen. Hala, denon artean, intzidentzia politiko bateratua lortzeko eta alternatibak gauzatzeko balio dezaketen maila politiko-estrategikoko proposamenak eta alternatiba kolektibo eta banakakoak jasotzen dituen Oinarrizko Dokumentua eraiki genuen. Sareko kolektiboek aldez aurretik jorratu dituzten gaien jarraipen gisa, Oinarrizko Dokumentuaren, kanpainaren eta auzitegiaren lau ardatz estrategikoak hautatu ziren: elikadura-burujabetza, eredu energetikoa, ekonomiaren birlokalizazioa eta zaintzak.

Ondoren,“TIPI-TAPA bagoaz! Bizimodu jasangarrietarantz” kanpaina abiatu genuen. Bizitzaren zaintza erdigunean jartzen duten eta, hala, jasangarria ez den egungo garapen-eredu ordezkatzen duten alternatibak sortzeko beharrak elkartutako eragile anitzek parte hartu dute. Kanpainaren1 xedea prozesu horretan adostutako proposamenak eta aldarrikapenak jendarteratzea eta horien gainean eztabaida piztea da.

Horretarako, hainbat ekimen (elkarrizketak, dokumentalen proiekzioa, komiki baten prestakuntza, antzezpenak, etab.) egin dira eta bizimodu jasangarrietarako bidean ezinbestekotzat jo diren puntuak lau ardatzetan (bizitzaren zaintza, elikadura-subiranotasuna, desazkunde energetikoa eta ekonomia pertsonen zerbitzura birlokalizatzea) jasotzen dituen manifestua argitaratu da.

Orain arte, 60 kolektibok baino gehiagok egin dute bat proposatutako aldarrikapenekin. Zuk ere egin dezakezu hemen: https://www.decrecimientoybuenvivir.info/es/tipitapabagoaz/

Etapa honi amaiera emateko, 2018ko otsailaren 23an eta 24an, bizimodu jasangarrietarako eskubidearen aldeko Herri Auzitegia egingo da Bilbon. Gisa honetako auzitegiak giza eskubideen urraketen ikusezintasunari aurre egiteko helburua duen jendarte zibileko erakundeen estrategia gisa ulertzen ditugu. Kasu zehatz honetan, mundu osoan bizimodu jasangarria izateko eskubidearekin lotutako urraketen inpunitatea nabarmendu eta salatu nahi dugu.

Zer da herri-auzitegi bat?

Herri-auzitegiak giza eskubideen hainbat urraketen ikusezintasunari aurre egiteko eta urraketen inpunitatea agerian uzteko xedea duten gizarte zibileko erakundeen estrategia bat dira. Gizarte-kontzientzia pizten duten erreparazio-ekitaldiak dira, gertatu zena urraketa pairatu zuten pertsonen ahotsetan azaleratuz, eta sarri hauentzako ahalduntzerako-ekintza ere bilakatuz. Horrez gain, azpimarratu behar da herri-auzitegiek interes gutxi zuten erakunde edo instituzioak gizarte-eztabaidan inplikatzeko estrategia esanguratsu gisa funtzionatu dutela, bai eta justiziarako eskubidea bermatzen duten pertsona eta erakundeentzako ariketa pedagogiko gisa ere.

TresnaTresna gisa honakoa ahalbidetzen digu:

  • Borroka anitzak eskubideen ikuspegitik lantzea (eragite-tresna)

  • Giza eskubideen urraketak ikusaraztea

  • Nazioarteko marko batean hainbat borroka artikulatzea (ikuspegi globala eta tokian tokikoa)

  • Legeen definizio eta aplikazioa arautzen duen sistema politiko eta judiziala salatzea

  • Ekintza politikoaren bitartez, tartean dauden kolektiboen ahalduntzea bultzatzea

  • Eskubideen bortxaketa pairatu duten pertsonei errekonozimendu sinbolikoa egitea

Nabarmendu nahi diren alderdiak:

  • Ikuspegi internazionalista

  • Giza eskubideen urraketaren ikuspegia ardatz desberdinetan

  • Erakundeak eskubideen urraketagatik salatzea

  • Sarean lan egitearen eta kolektibo/borrokak artikulatzearen alde apustu egitea

  • Kasuak eta, batez ere, testigantzak kontu eta sentsibilitate handiz lantzea

  • Adierazpen artistikoak (antzerkia, erakusketak, kaleko ekintzak…) txertatzea

PARTE HARTZEN DUTEN ERAKUNDEAK

Bizilur, Ekologistak Martxan, Mugarik Gabeko Ingeniaritza Euskal Herria, Emaus Gizarte Fundazioa, Setem Hego Haizea, Desazkundea, ESK sindikatua, Mugarik Gabeko Ekonomialariak, Euskadiko GGKEen koordinakundea, Saretuz, Zentzuz Kontsumitu, Alianza Política Sector de Mujeres, Centro de Mujeres Xochilt Acatl.