Herri Kurdua jasaten ari den errepresioaren aurrean erakusten ari den duintasunari Euskal Herritik gure elkartasuna adierazteko bildu gara gaur Bilbon. Herri kurdua, beste hainbat herri eta etnia bezala urteak daramatzate sarraski etengabea jasaten kolonizatzen dituzten Estatuen eskutik. Kartzeletako ziegetan bahiturik dauden milaka presoak errepresio honen adierazpen nabarmena dira, lehenik eta behin gure besarkada beroena bidali nahi diegu beraiei.

Azaro hasieran, Turkiako presidentea eta AKPko burua den Erdonganek indar errepresiboak berriz jarri zituen martxan eta kurdu herria, etnia txikiak eta ezker turkiarraren askatasun hautua ordezkatzen zuten HDP alderdiko dozena bat parlamentari atxilotu zituen. Uztailaren 15etik aurrera, ustezko estatu kolpe baten aitzakiapean, Erdoganen gobernuak Turkia osora hedatu den errepresio oldarraldi berri bati ekin zion. Aipagarria da azken egunotan Turkian eta Kurdistanen izan den polizia-operazioa, bertan, HDP alderdiko 300 kidetik gora atxilotuak izan dira, baita alderdi horretako 2 parlamentari ere. Erdoganen gobernuak argi utzi du berriro herriaren alde konpromisoa erakusten duen oro atxilotzeko eta erreprimitzeko edozein aitzakia erabiliko duela.

Atxiloketa hauek, ez dira bakarrak izan ordea. Hainbat dira bidegabekeri hau pairatu behar izan dituzten egoerak.  Gogoratu besterik ez ditugu Cizrek edo Nusaybinek besteak beste jasotako setio eta bonbardaketak, edota autonomia aitortu duten herrien alkateen atxiloketak…

Turkiako estatuak gerra estrategiari eutsi eta jendartearen aurkako erasoari ekin dio. Estatu ultranazionalista eta islamista sortu nahian, Kurdu herriaren edo ideal ultranazionalista eta islamista horretatik urruntzen den edozein adierazpen politiko, kultural eta sozial ezabatu nahian, komunikabideak, kultur erakundeak, gizarte eragileen egoitzak, ikastetxeak… itxi dituzte. 40.000 kazetari, irakasle, intelektual, politiko, herri mugimenduetako kide eta abar izan dira atxilotuak eta espetxeratuak eta 80.000 beren lanetatik kaleratuak.

Bereziki tematu dira mugimendu feministarekin, euren kideak behin eta berriz atxilotuz eta euren egoitzak miatuz eta itxiz. Emakumeen borroka bilakatu da kurdu herriaren ikur, askapen prozesuaren motor. Horrexegatik kolpatzen dute hainbeste mugimendu hau.

NATOko kide den Turkiak partida zikin bat jokatzen ari da gerra honetan. Milaka hildako eta desagertu, auzune osoen suntsiketa, milaka pertsonen desplazamendua… eragin du. Eta guzti hau, Europar Batasunaren isiltasun eta konplizitatearekin. Errefuxiatuak dira Erdoganek Europar batasunari xantaia egiteko giltza eta hauek kontrolpean izan ditzan milioikako akordioak sinatzen dituzte, honek kurduak eta orokorrean disidentziarekin akabatu dezan baliabideak emanaz.

Bitartean, Rojavan, Daeshen faxismoaren aurka tinko borrokatzen ari dira. Borroka eredugarria izaten ari da, mundu osoan zehar miresmena sortu duena. Erresistentziarekin batera jendarte berri bat eraikitzen ari dira, ez bakarik Rojavan, baizik eta Siriako iparralde osoan. Bertan ezartzen ari diren Konfederalismo demokratikoaren bilakaera eta autonomia onartua ez izateko eginahalak egiten ari da Erdogan, zonaldeak duen garrantzi geopolitikoaz kontziente interes inperialistak bereganatu asmoz. Komunikabideetan ikusten dugu nola Ekialde Hurbilean, nazioarteko potentzia inperialistek, garai batean kolonizatzaileak ziren horiek, xake partida jokatzen ari diren helburu bakar batekin: etnia arteko gerrak eta tentsioak areagotzea  “banatu eta irabaziko” duzu lelopean.

Honen aurrean ezin dugu entzungor egon. Elkartasuna dugu herrion arteko xamurtasuna eta, kurdu herriaren borroka legitimoarekin bat egin nahi dugu; euren sufrimenduarekin eta baita euren erresistentziarekin. Jendarteaz gain, gu ordezkatzen gaituzten erakundeek ere ezin dira genozidio honen babesle eta finantzatzaile izan, eta hemendik deialdia egiten dugu eten ditzaten harremanak Turkiako gobernuarekin.

Eraso faxista hauen aurrean ez herri kurdua ezta gu ere ez gara isilik geratuko. Borroka eredu den herri horri gure babes eta mirespen osoa. Beraiek dioten moduan berxwedana jiyane” erresistentzia bizitza da “

BIJI BERXWEDANA KURDISTAN!

GORA KURDISTAN!

https://www.youtube.com/watch?v=Xf9T1Wo3LTY&feature=youtu.be